Araztea

Araztegiari esker, Lizarra, Villatuerta, Aiegi, Iratxe, Bearin eta Arandigoien udalerrietan sortutako hondakin-urak tratatzen dira, baita Villatuertako eremu industrialean sortutakoak ere.

Tratatzen den ur-bolumenari dagokionez, 5.000 m3/egun dira hiriko linean, eta 2.500 m3/egun, linea industrialean.

Gaur egun, araztegi hori Nafarroako handiena da hura aztertzeko eta gauzatzeko egindako lan handiaren ondoren; izan ere, teknologia aurreratuko instalazioak dira, tratatutako uraren errendimendu handia eta fidagarritasuna ekartzen dituztenak.



Hondakin-uren tratamenduaren hasieran, tamaina handiko solidoak kentzen dira bahe autogarbitzaileak erabiliz. Jarraian, ura luzetarako tanke aireztatu batzuetatik igarotzen da, gantzak eta hareak kentzeko.


Lehen dekantazioa.


Tankeetan egiten da, uraren abiadura motelduz; horrela, esekita dauden solidoak hondoan jalkitzen dira, uretatik bereizita.

Hiru dekantagailu ditu: bi, hiriko linearako, eta bat, industrialerako, zilindro-formakoa (13,5 metroko barne-diametroa eta 3 metroko sakonera).

Horrela, atxikipen-denbora, gutxi gorabehera, lau ordu eta erdikoa da, erdiko emariarekin.


Iragazketa biologikoa.


Iragazki biologikoak funtsezko elementuak dira urak tratatzeko orduan.

Haietan, material betegarrian berez sortzen diren bakterioen eraginez, disolbatutako kutsadura bakterio-masa dekantagarri bilakatzen da, eta, beraz, uretatik bereizteko moduan geratzen da.

Zilindro-formako hiru iragazki daude (18 metroko diametroa eta 5 metroko altuera erabilgarri): bi, hiriko linearako, eta bat, industria-linearako.


Iragazketa biologikoa.



Erdiko dekantazioa.


Iragazkien ondoren jarritako hiru dekantagailuen ezaugarriak –bai eraikuntzakoak, bai funtzionalak– lehen dekantagailuen antzekoak dira.

Halaber, bi linea daude, hirikoa eta industriala.

Hau da alde nagusia: lehen dekantazioan, hondakin-ur gordinean araztegira iristen diren lohi dekantagarriak dekantatzen dira.

Bigarren fase honetan, berriz, dekantatutako lohiak iragazkiak bereizitako geruza biologikotik datoz.


Aireztatzea Nitrifikazioa.


Aipatutako etapa horietan uraren kutsadura-zati handi bat bereizi eta gero, zuzenketa-lan bat egiten da amoniako-edukian, oso faktore garrantzitsua baita ibaiko fauna bizitzeari begira.

Horri dagokionez, bai hiriko lineak, bai industrialak oso ezaugarri homogeneoak dituztenez, nitrifikazioa batera egiten da bi isurketa-mota horietan.


Lohien tratamendua.


Lohiak tratatzeko arlora bideratzen dira deskribatutako hiru faseen ondorioz ateratzen diren lohiak.

Loditzeko prozesu bat egiten zaie lohi horiei, zilindro-formako bi tangaren bitartez (6,5 metroko barne-diametroa eta 4 metroko altuera erabilgarria), eta, azkenean, mekanikoki lehortzen dira.


Azken dekantazioa.


Behin betiko garbitzen da ura prozesuaren fase horretan

Garbiketa hori zilindro-formako hiru dekantagailuren bidez egiten da (15 metroko barne-diametroa eta 3 metroko sakonera); atxikipen-denbora, gutxi gorabehera, 6 ordukoa da erdiko emariarekin.


Kontrol-eraikina.


Instalazioetan eraikin bat dago, honako hauek biltzen dituena: batetik, prozesu-kontrolen unitate nagusia; eta, bestetik, laborategia.

Azken horretan, araztegitik eta isurketa industrialetatik hodietara datorren ura aztertzen da, egiaztatzeko haren baldintzak egokiak ote diren multzoaren funtzionamendu egokiari begira.

Lizarrako araztegia