Uraren ziklo integrala

Servicios de Montejurra, S.A. enpresak prozesu osoa lantzen du, ura hartzen denetik ingurune naturalera itzuli arte; prozesuan, kalitate handiko ura lortzen da, eta, hain baliotsua den baliabide hori berriz ere erabiltzeko moduan egon dadin, ahalegin betean aritzen da arrazoizko kontsumoa bultzatu eta Ingurumenean eragiten diren kalteak minimizatzeko.

Honako fase hauek ditu uraren ziklo integralak:


Itxakoko iturburua.


Une honetan, Servicios de Montejurra S.A. enpresak 80 herriri baino gehiagori ematen die zerbitzua, hau da, gutxi gorabehera 50.000 biztanleri –Estellerri gehiena, beraz–.

Gehienbat puntu hauetatik hartzen da ura:

  • Itxakoko iturburua, Urbasa mendiaren hegoaldeko hegalean.
  • Antzingo putzua, Antzin herrian, Ega ibaiaren ondoan.
  • Mendazako putzua, Mendaza eta Acedo herrien artean.

Ura iturburuetatik hartzen da zuzenean, eta bildu egiten da sistemak behar ez duen bitartean.

Modu automatizatuan, uraren transferentzia eta ponpaketa egiten dira goi-tangetara beharrezkoa denean.

Goi-tanga horietatik, Estellerri guztian barna banatzen da ura, eta tanga txikiago batzuetara iristen da; gero, handik banatzen da herrietara.

Uraren “kalitateaz” hitz egiten dugunean, ea edateko modukoa den edo ez esaten ari gara.

Mankomunitateak dituen bi hartuneetatik, honako hau esan dezakegu:

  • Itxakoko hartuneak kalitate fisiko-kimiko bikaina du, baina kalitate bakteriologiko eskasa; nolanahi ere, ura kloratuz konpontzen da arazoa.
  • Antzin eta Mendazako urek kalitate ona dute, bai fisiko-kimikoa, bai bakteriologikoa.
  • Ponpatutako ura kloratzea da hartune horietan egiten den tratamendu bakarra.

Jurramendiko Mankomunitatearen hornidura-planta nagusia.


Ur-banaketa sare-sistema bikoitz bati esker egiten da:

  1. GOI SAREA

    Hartze-estazioetatik ura ponpatu eta gero, tanga erregulatzaileetan (handiak) biltzen da; horrek, gutxienez, 24 orduz ziurtatzen digu hornidura erregular bat.

    Hortik, goi-tutuaren bitartez, herri bakoitzean dauden gainerako tanga erregulatzaileekin komunikatzen da.

    Goi-sare deitzen da, ura presio handiz bideratzen baita, eta udalerri bakoitzeko tangetara bakarrik bideratzen du ura.

  2. BEHE SAREA

    Goi-sareko ura udalerri bakoitzeko tangetara iristen da, eta handik banatzen da, behe-sarearen bitartez, kontsumo indibidualerako.

    Tanga horietan bereizten dira sareak.

    Jurramendiko Mankomunitatea bi sare mota horien mantentze-lanaz ere arduratzen da Estellerrian.

    HORNIDURAREN ETA MANTENTZE-LANAREN KONTROLA

    Jurramendiko Mankomunitatetik edo Lizarrako araztegitik, urrutiko kontrol bidez teleagintzen dira ur-hartze, ponpaketa eta tanga nagusiak (bai tanga erregulatzaileak, bai udalerrientzako tangak).

    “Teleaginte” sistema horrek erraztu egiten ditu mantentze-lanak, eta, askotan, detektatu egiten ditu matxura elektrikoak edota ur-banaketan gertatutakoak.

    Teleaginteak onlineko informazioa ematen du, eta nahi adina seinale transmititu ditzake; adibide baten bidez ulertzen da hobeki:

    • Hornidura-tutuak hautsiz gero, tangaren maila azkar jaisten da, eta, kontsigna baten mailara iristean (esaterako %10era), sistemak alarma-seinale bat bidali, eta abian jartzen da ponpaketa, maila optimoa errekuperatze aldera.
    • Ohar hori jaso eta gero, mantentze-laneko langileek kontsumoak egiaztatu, eta akatsa egon daitekeen eremuak aztertzen dituzte matxura aurkitu arte.
    • • Gainera, parametro guztien historikoak gordetzen dira, zehatz-mehatz ezagutzeko joerak eta desbideratzeak. Honako esteka honetan, Itxakoko iturburuko ponpaketa-balioak ikus daitezke:


EDATEKO UREN OSASUN KONTROLA

Kontsumitzailearen ur-txorrotaraino iristen den urak ez-kaltegarria izan behar du, zapore eta usain atseginekoa, koloregabea eta oreka kimiko egokikoa.

Ezaugarri horiek bere horretan iraun behar dute sorburutik ur-txorrotaraino.

Horretarako, sorburuan, kloratze-tratamenduaren irteeran eta banaketa-sareetan kontrolatu behar da uraren kalitatea.

Kalitate-kontrola egiteko metodoari dagokionez, laginak hartzen dira sistemaren zenbait puntutan, eta, gero, analizatu egiten dira urak behar bezalako kalitatea ote duen egiaztatzeko; behar adinako kalitaterik izan ezean, dagozkion metodoak gauzatzen dira arazoa zuzentzeko.

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak onetsitako egutegiarekin bat hartzen da eguneko lagin hori. Jurramendiko Uren Mankomunitatearen laborategiak uraren kalitate-parametroak analizatzen ditu, ura kontrolatzeko, sorburuan hartzen denetik Mankomunitateko kide diren herri guztietako banaketa-sareetaraino.

URAREN ERABILERAK

  • ETXEKO ERABILERA
    Etxe batean, edateko, janaria prestatzeko, garbiketa pertsonalerako eta etxea bera garbitzeko erabiltzen da ura.
  • ERABILERA INDUSTRIALA
    Ura ezinbestekoa da zenbait industria motatako prozesuetan. Larruak ontzeko industrietan, estaldura metalikoetan, ehunak estanpatu eta tindatzekoetan landare-kontserbak egitekoetan, papera egitekoetan, azukre-industrietan, eta abar.

URAREN KUTSADURA

  • ETXEKO KUTSADURA
    Ura ondasun paregabea da, urria, eta ezinbestekoa bizirik jarraitzeko.
    Pertsona batzuek alferrik xahutzen dute ura, eta kutsatu ere egiten dute garbiketa-produktu gehiegi erabiliz, besteak beste xaboiak, lixibak edo bestelako produktu kimikoak
    Era berean, uste izaten dute etxeko komunontzia zabortegi bat dela, eta mota guztietako produktuak botatzen dituzte hara, hala nola belarriak garbitzeko kotoi-txotxak, haur-oihalak, konpresak, janari-hondarrak, lumak, erabilitako olioak, eta abar.
    Erabilera horiek guztiak okerrak dira, eta, beraz, ez dira egin behar, kutsadura handia eragiten baitute.
  • KUTSADURA INDUSTRIALA
    Industriek, haien jardueraren arabera, produktu kaltegarri asko isurtzen dituzte uretara, hala nola metal astunak, zianuroak, substantzia kimiko toxikoak, tinduak, koloratzaileak, zuritzeko lixibak, erabilitako olioak, gai organikoak, eta abar. Horren ondorioz, karakterizatu egin behar da isurketa bakoitza haren izaera ezagutzeko.


SANEAMENDU SAREA:

Ura gure etxeetatik edo instalazio industrialetatik iragan eta gero, beste etapa bat hasten da, garrantzi handikoa kutsatutako ur hori lehengoratzeko. Saneamendu-sare bat dago ur hori guztia biltzeko, kutsadura-fokuak eta araztegiak komunikatzen dituztenak.

Sare horiek bereizleak dira (alde batetik kutsatutako isurketak eta bestetik euri-urak).

HORNIDURAREN ETA MANTENTZE-LANAREN KONTROLA:

Edateko uraren hornidura-sisteman bezala, buxadurak eta pitzadurak sortzen dira etengabe saneamendu-sareetan, eta, ondorioz, azkar eta zuzenean egin behar da lana haien ondorioz sortzen diren kiratsak eta osasun-arazoak desagerrarazteko.

HONDAKIN UREN ARAZKETA:

Jurramendiko Mankomunitateak zenbait herritan ditu hondakin urak arazteko estazioak; etxeek eta industriek uretara botatako substantzia kutsatzaileak garbitzea dute helburu araztegi horiek.

Uraren kutsadura zenbaterainokoa den, tratamendu bat edo beste bat ematen zaie hondakin-urei araztegi horietan, adibidez, tratamendu biologiko soil bat edo tratamendu aurreratu bat.

Horren ondorioz, kalitate handiagokoak dira ibaietara isurtzen diren urak; horrela, Ingurumenarekiko errespetua zaintzeaz gain, ibaietako faunari ere laguntzen diogu gure merindadean.